Zabalik dago BTEM Elikagaien Berrikuntza Sarien deialdia

premios_btem_azti_cluster
  • AZTI zentro teknologikoak eta Euskadiko Elikaduraren Clusterrak Euskadiko Elikagaien Berrikuntzako Sarien hirugarren edizioa deitu dute, elikagaien balio-katea osatzen duten euskal enpresen lana eta ahalegina aintzatesteko.
  • Aintzatespen horretarako izena emateko epea apirilaren 8ra arte egongo da zabalik, teknologia, enpresa eta merkatu arloetako berrikuntzari buruzko hiru kategoriatan.

Bilbon, 2022ko martxoaren 2an. Elikagaien sektorearen lehiakortasuna sustatzeko helburuarekin, AZTI ikerketa-zentroak eta Euskadiko Elikaduraren Clusterrak Euskadiko Elikagaien Berrikuntzarako Sarien (BTEM) hirugarren edizioa jarri dute martxan, eta gaur hasiko da hautagaiak aurkezteko epea.

Aintzatespenaren helburua elikagaien sektoreari balioa ematea eta bere eragileen bitartez erreferente gisa posizionatzea da, baita enpresa-jardunbide egokiak zabaltzea eta sustatzea eta enpresa sarituei prestigioa ematea ere.

“Euskadik elikaduraren balio-katearen sektorea garatzeko eta modernizatzeko aukera du, mundu mailako berrikuntzaren punta-puntan jarriz. Euskadiko elikagai-enpresen artean berrikuntzaren kultura garatu nahi dugu, baina sektoreko enpresa-bikaintasuna ere sustatu nahi dugu, lehiakortasunaren eragile den aldetik”, adierazi du Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea eta AZTIko presidentea.

Gainera, sari horien bidez, “euskal elikagaien sektoreari balioa eman nahi diogu, eta erreferente gisa jarri, bere eragileen bitartez, enpresen lehiakortasuna hobetuz eta sektorean trakzio-efektuko jardunbide egokiak sustatuz”, gaineratu du Manu Giner Euskadiko Elikaduraren Clusterreko presidenteak.

Sarietan parte hartzeko hautagaitzak apirilaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dira. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa btem.eus webgunean kontsulta daitezke.

Hiru kategoria: teknologia, enpresa eta merkatua

Bi urtez behingo sari honek hiru kategoria ezartzen ditu: Berrikuntza Teknologikoa, Enpresa Berrikuntza eta Merkatuetako Berrikuntza. Hiru kategoria horiek bat datoz Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta lehiakortasun-estrategian definitutako eta aldi berean, Euskadiko Elikaduraren Clusterraren Plan Estrategikoan eta AZTIren Plan Estrategikoan integratutako hiru Jarduera Estrategikoko Arloekin.

Berrikuntza Teknologikoaren kategoriak produktu, ontzi edo teknologia berria garatu eta merkatuan sartu duen enpresa sarituko du, edo horietakoren bat modu arrakastatsuan hobetu duena, bere negozioa garatzeko abantaila lehiakorra izanik.

Bigarrenik, Enpresa Berrikuntzaren kategoriak negozio-prozesuetan edo -ereduetan izandako aldaketak aintzatetsiko ditu. Sariaren sustatzaileek zehaztu dutenez, produktu edo zerbitzu berriak edo hobekuntza esanguratsua dakarten produkzio-, logistika-, banaketa- edo laguntza-prozesuen ezarpenarekin erlazionatutako alderdiak hartuko dira kontuan.

Azkenik, BTEMek, Merkatuetako Berrikuntzaren kategorian, hobekuntza esanguratsua ekarriko duten merkataritza-estrategia edo -kontzeptu berriak nabarmenduko dituzte. Horrela, nazioartekotzera bideratutako merkatu-estrategiak baloratuko dira, baita kanal berriak, adibidez digitala, esploratzera bideratutakoak ere.

Hiru kategoriak baloratzeko orduan, berrikuntzak negozioan izango duen eragina eta etorkizunean izango duen bilakaera, eta mundu iraunkorragoa eraikitzeko izango duen ekarpena (garapen soziala, ingurumenekoa, giza eskubideak…) hartuko dira kontuan.

Aurkeztutako hautagaitzak aurreko edizioko enpresa irabazleen (Echebastar, Txakoli Txabarri eta Eroski) ordezkariek eta sektoreko berrikuntzan ospe handia duten hiru aditu independentek (Carolina Pérez, CEBEKeko presidentea; Leire Bilbao, Innobasqueko CEOa; eta Jaime Martín, Lanterneko CEOa) osatuko duten epaimahaiak aztertuko ditu.

Erabakia maiatzaren 15etik 19ra Bilbao Exhibition Centerren (BEC) egingo den Food 4 Future World Summit-en barruan emango da ezagutzera. AZTIk antolatutako nazioarteko ekitaldia da, eta bertan Klusterra global partner da.