BTEM sarien sorrera, "Euskadiko Eligagai Berrikuntzaren Sariak"

Berrikuntzaren alde egin duten apustuaren bitartez Euskadiko elikadura sektorearen garapenari laguntzen dioten ‘Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren Sariak”, Café Fortaleza Taldea, Angulas Aguinaga eta ARAEX Grands konpainiei eman zaizkie lehenengo edizio honetan. Euskadiko Elikaduraren Clusterraren eta AZTI teknologia zentroaren ekimenez ematen diren sarien banaketa ekitaldia azaroaren 30ean izango da Bilboko Euskalduna Jauregian.

Sariak hiru kategoriatan banatuta daude: Teknologia Berrikuntza, Enpresa Berrikuntza eta Merkatuetako Berrikuntza. Lehenengo atalean, Café Fortaleza Taldeak jaso du aintzatespena, merkatu aukera bat interpretatzen jakiteagatik, soluzio arrakastatsua garatuz eta merkaturatuz. Enpresa Berrikuntzaren kategoriari dagokionez, Angulas Aguinaga izan da sariduna, bere negozio prozesuetan eta ereduetan aldaketak sartzeagatik, abantaila lehiakorra sortuz, bere jarduera aurrera eramateko modu berezituari esker. Amaitzeko, Merkatuetako Berrikuntza saria ARAEX Grands taldeak, Arabako Errioxako upategi independenteen alorreko talde liderrak, jaso du, negozioa zabaltzeko merkatuak edo kanalak identifikatzeko orduan egindako lanarengatik, nazioartekotzera zuzendutako estrategien aldeko apustua eginez.

‘Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren Sarien” lehen edizio honetako epaimahaia Leire Bilbao Innobasqueko Zuzendari Nagusiak, Rogelio Pozo AZTIko Zuzendari Nagusiak, Gorka Artola Euskal Herriko Unibertsitateko Berrikuntza eta Transferentzia Zuzendariak, Peli Manterola Eusko Jaurlaritzako Elikadura Kalitate eta Industria Zuzendariak eta Manu Giner Euskadiko Elikaduraren Clusterraren Presidenteak osatu dute. Azken hori epaimahaiko Presidentea ere izan da.

Sariak bi urtez behin emango dira, horrela, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetako ibilbide profesionalak aintzatesteko bi urtez behin banatzen dituen ‘Gonzalo Nardiz Bengoetxea’ sariekin txandakatuz. Saria jaso dezaketenei dagokienez, Euskadiko elikaduraren sektorekoa den eta bere egoitza soziala eta fiskala Euskadin dituen edozein enpresa edo erakunde izan daiteke.

‘Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren Sariak”, Euskadiko elikaduraren sektoreko enpresetan elementu berritzaileak sartzea bultzatzeko eta aintzatesteko helburuz sortu dira. Izan ere, sektore horrek lehiakortasunerako duen erronka nagusietakoa balio erantsiko produktuak eta zerbitzuak sortzea da, merkatuan kokaleku ertain-altua lortuz. Hori dela eta, ezinbestekotzat hartzen da berrikuntzari eustea produktuak garatzeko, teknologiak sartzeko edo prozesuak hobetzeko, eta baita euskal produktuak tokiko eta nazioarteko merkatuetan kokatzeko aukera emango duten negozio eredu berezituak garatzea ere.

Sari horien bitartez, Elikaduraren Clusterrak eta AZTIk berrikuntzaren kultura bultzatu eta enpresa alorreko bikaintasuna sustatu nahi dute sektorean, lehiakortasunerako motor gisa. Halaber, ekimenak balioan jarri nahi du elikaduraren sektorea, erreferente gisa kokatuz, bere eragileen bitartez. Horrez gain, enpresa alorreko jardunbide onak ezagutarazi eta bultzatu nahi ditu, sektorean efektu traktorea sortzeko. Enpresa saridunei sona ematea da antolatzaileek markatutako beste helburuetako bat.

Euskadiko Elikaduraren Clusterraren eta AZTIren ekimena

Lehiakorra, berezitua eta gizarterako aberastasuna sortzen duen elikadura sektorea egituratzen laguntzeko, Euskadiko Elikaduraren Clusterraren helburu estrategikoa sektoreko euskal enpresei laguntzea da, lankidetza sustatuz eta dinamizatuz eta Merkatuaren garapen, Berrikuntza teknologiko eta Berrikuntza ez teknologiko alorretan balio handiko proiektu partekatuak martxan jarriz. Enpresek alor horretan aurrera eramaten dituzten proiektuak balioan jartzeak eragin motibatzailea eta eredugarria du sektorearen gainerakoan.

AZTIk, bere aldetik, soluzio berritzaileak eskaintzen dizkio elikadura industriari, ezaugarri nagusi kalitatea, segurtasuna eta elikadura nortasuna izango dituzten produktu berriak edo hobetuak garatzeko, ingurumena errespetatuz eta ardatz nagusi gisa kontsumitzailea hartuz. Horrela, bere iritziz ezinbestekoa da berrikuntzaren kultura bultzatzea eta garatzea sektoreko enpresen artean, sektoreak ahalik eta etekin handiena atera diezaien bere inguruneko tresnei.