1. PLANTEAMENDUA

Euskadiko elikagaien sektorearen xedea da lehiakideetatik bereiztea eta balio erantsiko produktuak eta zerbitzuak sortzea, eta posizio ertain-altua lortzea merkatuan, prezio segmentutik urrunduta. Ezinbestekoa du, horretarako, berrikuntzan oinarritzea produktuak garatzeko, teknologia berriak erabiltzeko eta prozesuak hobetzeko, baita negozio eredu berezituei ekitea ere, hemengo eta nazioarteko merkatuetan produktuak kokatzeko.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren estrategiak duen oinarrizko zutabeetako bat da ezagutza jasotzea, ikerketaren, garapen teknologikoaren eta prozesu, produktu eta merkatu berrikuntzaren bidez, nekazaritza, elikadura eta arrantza sektoreen lehiakortasuna hobetzeko.

Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoak, berriz, hau du xede estrategikoa: Euskadi erreferentzia bihurtzea, mundu osoan, gastronomiaren eta elikaduraren alorrean, balio kate osoari egiten dizkion ekarpenengatik, Kalitateari eta ekonomia, gizarte, kultura eta ingurumen Jasangarritasunari dagokienez.

Planaren helburu estrategikoen artean daude, besteak beste, Euskadi goi mailako europar eskualde gisa sendotzea; elikaduraren balio kateak Euskadiko ekonomian garrantzi ekonomiko handiagoa izatea; elikagaien balio kateko eragile guztien lehiakortasuna hobetzea berrikuntzaren, ezagutza berrien eta eragile guztien lankidetzaren bitartez, eta ekoizleekin eta bezeroekin lotura duen eraldatze industria eraginkorra sustatzea, eraginkortasunez eta balio erantsia sortzeko ahalmenaz baliatuz, konponbide osasungarriak eta egokiak eskainiz.

 

Hau da Euskadiko Elikaduraren Klusterraren helburu estrategikoetako bat: laguntzea elikagaien sektoreko euskal enpresei, lankidetza eta balio handiko proiektuen garapena sustatuz merkatu garapenari, berrikuntza teknologikoari eta berrikuntza ez-teknologikoari dagokienez. Euskadiko elikagaien alorreko enpresek martxan dituzten proiektuen aitortza eta balioespena motibagarria eta eredugarria da sektore horretako gainerako enpresentzat.

AZTIk, berriz, elikaduraren balio katearen berrikuntzan aditua den zentro teknologikoa izaki, konponbide berritzaileak eskaintzen dizkio elikaduraren industriari produktu berriak edo hobetuak garatzeko, elikagaien kalitateari, segurtasunari eta nortasunari lehentasuna emanez eta ingurumena zainduz, betiere bezeroa ardatz nagusi dela. Berrikuntza garatzeko sektore horrek inguruan dituen tresnei ahalik eta etekin handiena atera diezaien, ezinbestekoa deritzo berrikuntzaren kultura garatzeari sektoreko enpresen artean.

Gure gizartearentzat elikadura sektore lehiakorra, berezitua eta aberastasun sortzailea egituratzeko bi erakunde horien interesak bultzatuta erabaki da EUSKADIKO ELIKADURA BERRIKUNTZAREN SARIAK antolatzea.

2. XEDEA

Hau da BTEM sarien helburua: Euskadiko elikaduraren balio kate osoko enpresen lana eta ahalegina aitortzea, edozein dela ere enpresen tamaina, berrikuntzaren alde jardunez beren negozioak ez ezik Euskadiko elikagaien sektorea ere garatzen laguntzen baitute.

Aitortza horrek, berriz, hau du helburu:

  • Berrikuntzaren kultura garatzea Euskadiko elikaduraren balio kateko enpresen artean.
  • Enpresen bikaintasuna sustatzea sektore horretan, lehiakortasunerako eragile izan dadin.
  • Elikaduraren sektorea balioestea eta, bere eragileen bidez, erreferentzia gisa kokatzea.
  • Enpresen praktika onak hedatzea eta sustatzea sektorean, eragile izan daitezen.
  • Enpresa sarituen ospea zabaltzea.

Horrez gain, sariak banatzeko ekitaldia sektorearen topagune bihurtu nahi genuke, Euskadiko elikaduraren balio katea osatzen duten eragileak elkarrekin jardun daitezen.

3. EZAUGARRIAK

Pertsona juridikoei emango zaizkie sariak, hiru ataletan banatuta, Eusko Jaurlaritzaren ekonomia eta lehiakortasun estrategiak zehaztutako Jarduera Estrategikoko hiru Alorrei jarraikiz, zeinak Euskadiko Elikagaien Klusterraren Plan Estrategikoarekin eta AZTIren Plan Estrategikoarekin bat baitatoz: Berrikuntza Teknologikoa, Enpresa Berrikuntza eta Merkatu Berrikuntza.

BERRIKUNTZA TEKNOLOGIKOA (PRODUKTUA)

Merkatu aukera edo premia bat argiro atzeman eta merkatuan produktu edo zerbitzu berri edo hobetu bat arrakastaz txertatu duen enpresari emango zaio saria, betiere eskari hori estali eta bere negozioari lehiakortasun abantaila ekarri badio. Produktu berri bat, ontzi berri bat, teknologia berri bat… izan daiteke berrikuntza.

ENPRESA BERRIKUNTZA  (PROZESUA)

Bere prozesuetan edo negozio ereduetan aldaketak egin dituen enpresa bati emango zaio saria, gauzak beste era batera egiteak lehiakortasun abantaila ekarri dionari.

Kontuan izango dira alor hauekin lotura duten alderdiak: berriak diren edo hobekuntza nabarmena dakarten ekoizpen, logistika eta banaketa prozesuen ezarpena edo produktu edo zerbitzuei laguntzeko jarduerak.

Kategoria horretan sartzen da, halaber, enpresak lehendik erabili gabeko antolakuntza metodo berrien ezarpena.

 

Kategoria horretako sarietarako hautagai izan daitezke handitze eragiketak zehaztu, aztertu eta prestatu dituzten enpresak (beste enpresa batzuk erostea, fusioak, joint ventureak…),  bai eta enpresa eragileen eta haien bezero eta hornitzaile kateen artean enpresa arteko lankidetza proiektuak prestatu eta martxan jarri dituztenak ere (adibidez, hornidura katearen kudeaketa sistema berria, hornitzaileekiko integrazio eta lankidetza metodoak, startupekiko elkarlan estrategiak eta abar).

MERKATU BERRIKUNTZA

Sariaren helburua hau da: aitortzea beren egungo egoera nabarmen hobetzen duten estrategia edo kontzeptu komertzial berriak ezarri dituzten enpresak, negozioa handitzeko merkatuak edo bideak aurkitu dituztenak, plan bat diseinatu eta arrakastaz gauzatu dutenak eta abar.  Bereziki balioetsiko dira nazioartera hedatzeko merkatu estrategiak eta kanal berriak jorratzen dituztenak (digitala…).

4. ONURADUNAK

Enpresa edo enpresa erakunde hauek lehia daitezke EUSKADIKO ELIKADURA BERRIKUNTZA Sarietan: Euskadiko elikaduraren balio katean jarduten eta helbide soziala eta fiskala Euskadin dutenak.

Ezin dute parterik hartu epaimahaian ordezkaritza duten enpresek.

5. EREMUA

Euskal Autonomia Erkidegoa da sarien banaketa eremua. Ahaleginak egingo dira urterik urte sariak geroz eta ospe handiagoa har dezan eta sendotu dadin.

6. MAIZTASUNA

Bi urtean behin banatzen dira sariak; lehenbizikoz, 2017an.

7. EPAI-MAHAIA

Hauek osatuko dute epaimahaia: sariketaren alorreko gaietan daukaten garrantzia, ezagutza eta esperientzia direla eta egoki jotzen diren pertsonek, eta aurreko sariketako hiru kategorietan irabazle suertatu zirenek.

8. SARIAK ESLEITZEKO IRIZPIDEAK

Klusterraren eta AZTIren helburuetako bat lankidetzaren bidez lehiakortasuna hobetzea denez, arreta berezia egingo zaie, aipatutako hiru sari modalitateetan, zenbait enpresa edo erakunderen arteko elkarlanetik sortutako proiektuei. Halaber, kontuan hartuko da aurkeztutako berrikuntzek enpresako negozioen garapenean izan duten eragina (frogatua).

Produktuak eta zerbitzuak lehiakideek baino eraginkortasun eta efizientzia handiagoz hornitzeko gaitasuna izaki lehiakortasuna, kontuan hartuko dira hau azaltzen duten emaitzak eta lorpenak: aurkeztutako berrikuntzak zenbateko lehiakortasun abantaila eman dion hura aurkeztu duen enpresari.

Kontuan hartuko dira kalitatea, fidagarritasuna, bizkortasuna, malgutasuna eta errentagarritasuna. Estrategien prestakuntzaren inguruan garatu behar dira lehiakortasun ahalmen horiek, gai hauei buruzko metodo eta eredu berriak ezarriz: berrikuntza, etengabeko hobekuntzak, prozedurak, antolakuntza eta baliabide fisikoak eta finantzarioak.

9. SARIAREN ZENBATEKOA

Sariketak ez du inolako diru kopururik banatzen, baizik eta trofeo bat, enpresa sarituen jarduera eskertzeko, urterik urte ekimen berri batzuetara bultzatzeko eta haien irudi publikoa jardunbide egokien erreferentzia bihurtzeko.

10. HAUTAGAITZEN AURKEZPENA

2019ko uztailaren 1etik irailaren 15era arte aurkez daitezke hautagaiak, helbide elektroniko honetan: info@btem.eus

Informazio hau eman behar du hautagai bakoitzak:

  • Enpresaren edo erakundearen izena
  • Zer sari kategoriatara aurkezten den
  • Aurkezten den sari horretarako zer meritu egin dituen jasotzen duen justifikazio txostena, non interesgarria irizten dion informazio guztia bidali behar baitu, bereziki azpimarratuz enpresari lehiakortasun abantaila nabarmena dakarkioten alderdiak, daukaten garrantzia edo eragina dela eta. Gehienez ere hiru folio izan behar ditu txostenak.

11. SARIEN EPAIA

Hautagaitzak jaso ondoren, astebete izango du epai-mahaiak haiek aztertzeko. Epe hori igarota, bilera batean erabaki behar da zein diren irabazleak. Nolanahi dela ere, epaimahaiak eman gabe utz dezake sariren bat hautagairik ez badago edo saria jasotzeko gutxieneko baldintzak ez dituela betetzen irizten badio.

12. SARI BANAKETA

UPV-EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan egitekoa den ekitaldi batean banatuko dira sariak, 2019ko azaroaren 21ean.

Hiru bideo (bat saritu bakoitzeko) prestatuko dira gala horretarako, enpresa irabazleen aurkezpena egiteko eta sariak jasotzeko egin dituzten merituak azaltzeko.

13. HEDAPENA ETA HEDABIDEAK

Sarien banaketaren hedapenari dagokionez, aldez aurretik prestatutako kanpaina baten arabera egin behar da. Komunikazio irizpide estrategikoei jarraikiz egin behar da kanpaina, egokiro eman dezan sarien berri. Gizartean oihartzuna izatea izan behar du helburu komunikazio kanpainak. Hedabideak dira oihartzun hori sustatzeko eta maneiatzeko tresna nagusia (prentsa, irratia, telebista eta Internet).  Kanpaina horren bidez sortuko den informazio korronteaz baliatuz sustatu behar da sariekiko jakin-mina haiek banatzeko ekitaldian, bai eta haren aurretik eta ondoren ere.

repercusión son los medios de comunicación (prensa, radio, televisión e internet).  A través de la campaña se creará una corriente de información que mantendrán el foco de interés antes, durante y después del acto de entrega de los Premios.