BTEM Sariak

Euskadiko Elikadura Berrikuntzaren Sariak

Euskadiko elikaduraren sektoreak hau du xede: lehiakideetatik bereiztea eta balio erantsiko produktuak eta zerbitzuak sortzea, eta posizio ertain-altua lortzea merkatuan, prezio segmentutik urrunduta. Ezinbestekoa du, horretarako, berrikuntzan oinarritzea produktuak garatzeko, teknologia berriak erabiltzeko eta prozesuak hobetzeko, baita negozio eredu berezituei ekitea ere, hemengo eta nazioarteko merkatuetan produktuak kokatzeko.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren estrategiaren oinarrizko zutabeetako bat ikerkuntzaren, garapen teknologikoaren eta prozesu, produktu eta merkatuen berrikuntzaren bidezko ezagutza da, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreen lehiakortasuna bultzatzeko.

Bestalde, Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategiko berriaren (PEGA) Ikuspegi Estrategikoa da Euskadi mundu mailako erreferente bihurtzea gastronomiaren eta elikaduraren esparruan, Kalitatearen eta Balio Kate osoaren ekonomia-, gizarte-, kultura- eta ingurumen-iraunkortasunaren ezaugarriengatik.

Planaren helburu estrategikoen artean daude, besteak beste, Euskadi Europako berrikuntza handiko eskualde gisa sendotzea, Elikaduraren Balio Katearen pisu ekonomiko handiagoa lortzea euskal ekonomian, elikagaien balio-kateko eragile guztien lehiakortasunaren hobekuntza orokorra lortzea, berrikuntzaren, ezagutza berrien eta eragile guztien lankidetzaren bidez, eta industria eraldatzaile bat sustatzea, ekoizleekin konektatuta egongo dena eta bezeroentzako onuragarria izango dena.

Hau da BASQUE FOOD CLUSTERaren helburu estrategikoetako bat: laguntzea elikagaien sektoreko euskal enpresei, lankidetza eta balio handiko proiektuen garapena sustatuz merkatu garapenari, berrikuntza teknologikoari eta berrikuntza ez-teknologikoari dagokienez. Euskadiko elikagaien alorreko enpresek martxan dituzten proiektuen aitortza eta balioespena motibagarria eta eredugarria da sektore horretako gainerako enpresentzat.

AZTIk, berriz, elikaduraren balio katearen berrikuntzan aditua den zentro teknologikoa izaki, konponbide berritzaileak eskaintzen dizkio elikaduraren industriari produktu berriak edo hobetuak garatzeko, elikagaien kalitateari, segurtasunari eta nortasunari lehentasuna emanez eta ingurumena zainduz, betiere bezeroa ardatz nagusi dela. Berrikuntza garatzeko sektore horrek inguruan dituen tresnei ahalik eta etekin handiena atera diezaien, ezinbestekoa deritzo berrikuntzaren kultura garatzeari sektoreko enpresen artean.

Gure gizartearentzat elikadura sektore lehiakorra, berezitua eta aberastasun sortzailea egituratzeko bi erakunde horien interesak bultzatuta erabaki da EUSKADIKO ELIKADURA BERRIKUNTZAREN SARIAK (BTEM) antolatzea.

Zer esan nahi dute BTEM siglek?

Sarien Helburua

Hau da BTEM sarien helburua: Euskadiko elikaduraren balio kate osoko enpresen lana eta ahalegina aitortzea, edozein dela ere enpresen tamaina, berrikuntzaren alde jardunez beren negozioak ez ezik Euskadiko elikagaien sektorea ere garatzen laguntzen baitute.

Aitortza horrek, berriz, hau du helburu:

  • Berrikuntzaren kultura garatzea Euskadiko elikaduraren balio kateko enpresen artean.
  • Enpresen bikaintasuna sustatzea sektore horretan, lehiakortasunerako eragile izan dadin.
  • Elikaduraren sektorea balioestea eta, bere eragileen bidez, erreferentzia gisa kokatzea.
  • Enpresen praktika onak hedatzea eta sustatzea sektorean, eragile izan daitezen.
  • Enpresa sarituen ospea zabaltzea.

Horrez gain, sariak banatzeko ekitaldia sektorearen topagune bihurtu nahi genuke, Euskadiko elikaduraren balio katea osatzen duten eragileak elkarrekin jardun daitezen.