AZTIk eta BASQUE FOOD CLUSTERek bultzatutako deialdia apirilaren 21era arte egongo da zabalik
Bilbao, 2026ko martxoak 03. Euskadik elikagaien berrikuntzan jarri du arreta berriro, BTEM – Euskadiko Elikagaien Berrikuntzarako Sarien bosgarren edizioaren irekierarekin. AZTI zentro teknologikoak eta BASQUE FOOD CLUSTERek sustatutako ekimen bat da, eta sektoreko enpresa disruptiboenak identifikatzea eta aitortzea du helburu.
Produktu berrien garapenaren, prozesuen hobekuntzaren edo merkatu estrategia berritzaileak abian jartzearen bidez aldea markatzen ari diren enpresa proiektuak saritzen dituzte.
Sariek inpaktu handiko ekimenak aitortzen dituzte, konpainiaren dimentsioa edozein dela ere – enpresa txikiak, startupak eta sortzen ari diren proiektuak, baita finkatutako konpainiak ere –, epaimahaiak bereziki baloratuko baitu elikagaien balio katean duen berrikuntza maila eta eraldaketa gaitasuna.
Deialdia apirilaren 21era arte egongo da zabalik.
Hiru kategoria Euskadiren lehiakortasun-estrategiarekin lerrokatuta
Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta lehiakortasun-estrategian jasotako Jarduera Estrategikoko Arloekin bat etorriz, BTEM Sariak hiru kategoriatan egituratzen dira:
• Berrikuntza teknologikoa, produktu edo zerbitzu berrien edo nabarmen hobetuen garapena eta merkaturatze arrakastatsua aitortzeko.
• Enpresa-berrikuntza. Produkzio-prozesuak, prozesu logistikoak edo banaketa-prozesu berriak ezartzea bereizten du, bai eta enpresan aldez aurretik erabili ez diren antolaketa-metodoak txertatzea ere, hobekuntza nabarmenak dakartzatenak.
• Merkatuetan berrikuntza, merkataritza-estrategia berriak edo merkatuan sartzeko eredu berriak bultzatu dituzten enpresetara bideratua, kanalak, merkatuak edo nazioartekotze-prozesuak nabarmen zabaltzea lortuz.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu eta AZTIko presidente Amaia Barredok adierazi duenez, “BTEM sariek Euskadi elikagaien berrikuntzan erreferentziazko lurralde gisa indartzen laguntzen dute, eta beren ahaleginarekin eta ikuspegiarekin gure herriarentzat estrategikoa den sektore batean balio ekonomiko eta soziala sortzen duten enpresak aitortzen dituzte”.
Epaimahaiak, berrikuntza mailaz gain, sortutako inpaktua eta etorkizuneko garapenerako potentziala baloratuko ditu, bai eta ekimenek iraunkortasunari egiten dioten ekarpena ere, gizarte- eta ingurumen-dimentsioetan eta giza eskubideekiko errespetuan.
Food 4 Future-ren esparruan sari banaketa
Epaimahaiaren erabakia Food 4 Future – Expo Foodtech elikagaien eta edarien industriarako erreferentziazko nazioarteko foroaren esparruan jakinaraziko da. 2026ko maiatzaren 27an eta 28an egingo da, Bilbao Exhibition Centerren. Sariak banatzeko ekitaldia topagune estrategikoa izango da berriro ere Euskadiko elikagaien balio katearentzat.
Edizio honetako epaimahaia honako hauek osatzen dute: Maite Arrizabalaga, AECOCeko merkataritza eta marketineko zuzendaria; Eduardo Cotillas, Food For Life Plataformako zuzendaria (FIAB); David Martinez, Stellum Capitaleko managing partnerra; eta 2024ko edizioko enpresa irabazleen ordezkariak: Delicass (Berrikuntza Teknologikoa), Ecolumber (Enpresa Berrikuntza) eta Paturpat (Berrikuntza Merkatuetan).
BASQUE FOOD CLUSTEReko lehendakari Manu Ginerren ustez, “BTEMek enpresa talentua aitortzeaz gain, sektorearen lankidetza ekosistema indartzen dute, enpresek, zentro teknologikoek eta erakundeek ikuspegia partekatzeko eta etorkizuna eraikitzeko espazio bat sortuz”.
AZTIri buruz
AZTI (www.azti.es) itsas ingurunean eta elikaduran espezializatutako zentro zientifiko eta teknologikoa da, eta Nazio Batuen 2030erako Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GIH) bat datozen inpaktu handiko eraldaketa proiektuak bultzatzen ditu.
40 urte baino gehiagoko esperientzia, 45 herrialdetan presentzia eta Euskadin hiru egoitza dituela, AZTIk 290 profesional baino gehiagoko lantaldea du, eta horietatik % 69 doktoreak dira. Bere ibilbidea 1.900 argitalpen indexatutan eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide izatean oinarritzen da. Aliantza horrek lankidetzazko ikerketa zentroak eta zentro teknologikoak biltzen ditu, Euskadiko enpresen lehiakortasuna eta proiekzio zientifiko-teknologikoa indartzeko.
BASQUE FOOD CLUSTER-i buruz
BASQUE FOOD CLUSTER Euskadiko elikadura-katearen erreferentziazko elkartea da, eta elkarte horretako kide diren enpresen lehiakortasuna sustatzea du helburu. Une honetan, 170 enpresa eta erakunde baino gehiagok osatzen dute, elikadura osasungarriagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko erronkari elkarrekin aurre egiteko lankidetzan. Horretarako, BASQUE FOOD CLUSTERek enpresen arteko lankidetza sustatzen du, balioa ematen duten eta bazkideen lehiakortasuna hobetzen duten proiektuen inguruan, merkaturako eta kontsumitzaileen beharretarako orientazioaren, berrikuntzaren bultzadaren eta talentuaren aldeko apustuaren bidez.
